2005-12-30

Urrezko giltza

Urrezko Giltza nire eskuetara oraintsu heldu den liburu baten izenburua da. Liburuan bertan esaten zaigunez, Urrezko Giltza, berez, Grimm anaien ipuin labur bat da: mutiko batek giltza bat topatu du elur artean, eta kutxa bat gero; hiru bider jiratu du giltza, eta hain zuzen ere kutxa zabaltzekotan dela amaituko da ipuina. Badirudi ipuinak misterioa zabalik utzi nahi duela eta guk geuk imajinatu beharra daukagula kutxan zer-nolako altxor miresgarriak dauden... Eta liburu honen helburua kutxa misteriotsua apur bat zabaltzea izan da eta, hara non, kutxan tradizioa topatu dugun, eta urrezko hitz asko...
Patxi Zubizarreta idazleak istorio bizi-bizi bat asmatu du, nolabait ere familia baten urte osoko bizitza kontatzen duena: ama ile-apaintzailea, aita kamioizalea, Kattalin, Nikolas eta Malen haurrak, aitona nekazaria eta amona bidaiazalea, eta baita ile-apaindegira joaten diren lagun kuttunak: musika irakaslea eta lorezain pobrea.
Jokin Mitxelenak ilustratu duen historia hau urtaroen arabera banaturik dator, eta bertan jasotzen dira familia horren bizipenak eta egunerokotasuna: festa nagusiak, ospakizunak, jolasak, sehaska kantuak, hortz erortzeak, animaliekiko eta naturarekiko harremanak, ezbeharrak...
Ipuinen jatorria, oro har, Euskal Herria da, baina asko eta asko tradizio desberdinetatik hartutakoak dira. Euskal jatorrikoak dira, aldiz, bai kantuak bai formulak.
Liburuarekin batera bi CD datoz. Orotara, 25 ipuin, 25 kantu eta 25 formula ttiki inguru -hamaika urrezko hitz ahots eta hots bihurturik-, ikasgelan nahiz etxean modu jostarinean ezagutzeko eta tradizioarekin jolas egiteko, hau da, ipuinen eta kantuen moldaketak egiteko, ipuinen amaierak aldatzeko, eskaintzen zaizkigun hainbat egitura erabili eta itzulipurdikatzeko; aukera paregabea, beraz, material hau guztia liburutik berriro ere sorburu izan zuen ahozkotasunera itzul dadin, tradizioa jostagarri izan dadin, gu geu jasotzaile ez ezik sortzaile ere izan gaitezen. Tradizioa gogoko dugulako, eta iragan minez ez, baina etorkizunari begira dihardugulako, horra hor proposamena.

No hay comentarios: