2007-02-20

Hau ez ziguten irakatsi

Zergatik ez ziguten hau eskolan irakatsi?

2007-02-17

Etsipen antzua

Xabi Larrañaga, DEIA, 2007-02-16

Berriro ere hezkuntza hizpide, A gaiztoa bazter utzi beharra, B martitzarra moldatzeko asmoa eta zorioneko D hori goratu eta aberastu nahia. Askok azkenaren aldeko apustu bakarra egiten dute, eta nago ez ote diren batzuetan presaka aritzen. Etengabe azaltzen digute gaztelaniazko ereduak ez duela euskalduntzen, erdipurdikoak nahasmendua baino ez duela eragiten eta euskarazkoak maiz eskolarako tresna kamuts eta tristea bihurtu duela hizkuntza. Behin eta berriz marrazten digute errealitatea eta ustekabeko, azkar zuzendu beharreko delitua bailitzan deskribatu.
Balizko bekatuak bekataria sortu du, eta errua, jakina, instituzioei leporatzen diete, gaztetxoek ez baitute euskara on edo apur hori kaleratzen. Baten batek galdetu du ea zergatik ez duten euskarazko jergarik erabiltzen, eta haietako batek zehatz eta gordin erantzun: badutelako besterik eskura, ez dutelako gaztelaniazkoa ordezkatu beharra. Nik ez dut sinisten hizkuntzen liberalismoan: boteretsua bizi eta ahula besterik gabe hiltzen dela dioena gehienetan boteretsuaren jabe da eta traba egiten dio ahularen presentziak, ez zaio gustatzen aniztasuna.
Baina hizkuntzen estatismo hutsean ere fede gutxi nik, edozein gobernuk diruz eta legez lagundutakoak ez baitu zertan ezinbestean iraun, eta makaldu eta hilez gero ez dugu derrigorrez erantzukizun politikorik bilatu behar. Hizkuntzak hiztunek ikasi edo eusteko behar besteko ahalegina egiten ez dutelako ere desagertzen dira. Eta ahalegina itzela da, gizarte osoari nekez exijitu ahal zaio.
Instituzioek ez dute lehengo indarra. Teknikariek lan ikaragarria egin arren, hamaika hizkuntza eskakizun ezarri arren, D eredua zabaldu arren baliteke jendea euskaraz ez mintzatzea, eta ez da inoren errua izango. Gauzak konplikatuagoak dira. Kostaldeko herri batean, inkesten arabera, bostetik bat da euskalduna, eta bertako euskaltzaleak euskara gutxitan entzuten delako kexu dira. Ez dute onartzen bostetik bost erdaldunak ere badirela, eta modu naturalean gaztelaniaz aritzen direla. Egiaren zati bat ezkutatuz gezurra eraikitzen da, fikzioa osatu eta ondorioz etsipena sufritu. Denbora beharko, eta pazientzia. Eta hala ere...